Etorkinen dudak argitzeko, ikastaroak egingo ditu SOS Arrazakeriak
Gasteizen abiatuko da ekimen hori, eta parte hartzen dutenek erabakiko dute zein gai landu
Jon Rejado
Gasteiz
Etorkinen beharretara egokitutako ikastaroak eskainiko ditu SOS Arrazakeriak urritik aurrera, Gizarteratzeko Hezkuntzaren Herri Eskolan. Hala, hizkuntza ikasteko ikastaroen esparrua beteta dagoela pentsatzen dutenez, atzerritik datozenen oinarrizko zalantzak argitzeko izango dira ikastaroak. Bertan parte hartuko dutenek erabakiko dute zer ikasi nahi duten, alegia. Hiru hilabeteko iraupena izango dute ikastaroek. Astearte eta ostegunetan izango dira eskolak, eta ordu eta erdiko iraupena izango dute. «Informatu gara, eta Euskal Herrian ez dago horrelakorik eskaintzen duen zerbitzurik», azaldu du Fede Garciak, SOS Arrazakeriako bozeramaileak.
Espainiatik kanpoko etorkinekin lan egitean bete gabe zegoen esparru bat ikusi zuten SOS Arrazakeriako kideek. Zer da INEM? Zenbat denbora lan egin behar da langabezia sarirako eskubidea izateko? Zer eskatu behar dut Udalean nire egoera egonkortzeko? Mota horretako galderak hainbatetan entzun dituela azaldu du Garciak, eta, horren harira, ikastaroak Espainiatik kanpoko etorkinen eskakizunetan oinarritzea erabaki zuten. «Ikasgai garrantzitsuagoak egon daitezke guretzat, baina ikastarora joango diren horiek nik baino hobeto dakite zeintzuk diren euren beharrak».
Dagoeneko 30 lagunek baino gehiagok eman dute izena eskolan, eta, horien eskakizunen arabera, laguntzeko prest dauden irakasleak bilatuko dituzte. Bide batez, elkarte eta instituzioei egitasmoan murgiltzeko eskaria egin zien. «Duela urte asko gaz-telera ikastaroak egin genituen, eta orain esparru hori beteta dago; egungo egitasmoa luzerako da».
Errolden arazoa, geldi
SOS Arrazakeriak azken urte eta erdian Gasteizko Udalera bidalitako mila errolda eskaeren arazoak duela hainbat hilabete bezala jarraitzen duela azpimarratu du Garciak. Hau da, eskaera horiek oraindik ez dituztela aintzat hartu. Dena den, horretan lan egiten jarraituko dutela berretsi du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario