2010/12/01

Ikasle etorkinei aparteko trataera ematen dien sistema kritikatu du SOS Arrazakeriak

Orokorrean, gizarte honetan, etorkinek tratu berezia eskatzen dutela pentsatzen da, baina kasu gihienetan hori ez da horrela. Integrazioa eman dadin, berdintasuna lehenengo pausua da.


Ikasle etorkinei aparteko trataera ematen dien sistema kritikatu du SOS Arrazakeriak

Immigrazioa eskoletan zer erronka klase den aztertzeko jardunaldiak antolatu ditu Bilbon

MAITE ASENSIO

Bilbo

Ikasteko ez ezik, gizarteratzeko eta lagunak egiteko ere, eskola ezinbestekoa da haurrentzat. «Etorkinak izan ala ez», dio Zuria Arzua Bizkaiko SOS Arrazakeriako kideak. Izan ere, ikasle guztiek trataera berdina jaso beharko luketela uste du, «nongoak diren kontuan hartu gabe». Kritikoa da SOS Arrazakeria ikasle etorkinei eman ohi zaien aparteko trataerarekin. Beren ustez, immigrazioak ez du benetako arazorik ekarri euskal ikastetxeetara. Eta ikasle etorkinek ez dute arreta apartekorik behar. Hain zuzen, gai hori izango da ardatz aste honetan, Bilboko Arrupe Etxean (Aita Lojendio kalean), gobernuz kanpoko erakundearen Batzorde Pedagogikoak antolatutako jardunaldietan: Inmigrazioa hemen eta orain: eskolentzako erronka?.

Eskolek beti izan dute ikasle talde heterogeneo eta askotarikoa, eta beti izan dituzte zailtasunak eta erronkak. Dinamika horretan kokatu behar da immigrazioa, Erlantz Garcia Bizkaiko SOS Arrazakeriako kidearen aburuz. Ikasle etorkinak gainerako ikasleekin parekatu behar dira; hezkuntza sistema berrira moldatu ostean, aparteko beharrizanik ez dutela ikusiko da, Garciak dioenez. Izan ere, ikasle etorkinek euskal gizartean bertan dauden erronka berberak dituztela defendatzen du.

Erakunde publikoak, sindikatuak, adituak eta ikastetxeetako langileak ikasle etorkinen errealitateari nola erantzun behar zaion aztertzen saiatuko dira jardunaldietan. Erantzun horrek «jarrera antiarrazista argia» izan behar duela nabarmendu du Arzuak. Ildo horretan, SOS Arrazakeria ez dator Eusko Jaurlaritzak ezarritako etorkin kuotarekin bat: eskoletako etorkinak guztizko ikasle kopuruaren %30 izan daitezke gehienez; hortik aurrera, ez dute ikasle etorkin gehiago onartzen. Arzuaren ustez, ez da neurri neutrala baina, horretaz gain, beste galdera bat dakar: «Nork erabakitzen du nor den etorkina? Hamar urtez hemen bizi izan dena etorkina al da? Eta guraso kanpotarrak dituena eta hemen jaioa dena?».



IKASLE ETORKINEN SAKABANAKETA. Lurraldeen arabera ezberdintasunak dauden arren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren ikasle etorkinek eskola publikoetan ikasten dute oro har, A ereduan. Hautu horren atzetik, erakunde publikoek gurasoei ematen dieten orientabidea dagoela uste du Arzuak. «Ezin al dute euskaraz ikasi? Norentzat da hori errazagoa? », galdera egiten du, halaber, Garciak.

Hizkuntz ereduen desagerpenak eta, ondorioz, eredu bakarraren ezarpenak Eusko Legebiltzarrean eragin duen eztabaida hartu du oinarri Garciak etorkinek auzi horretan duten rola azaltzeko: «Gure arazoa da, ezin diegu etorkinei guk daukagun arazoa eraman. Guk argi ez dugun bitartean, nola eskatuko diegu etorkinei argi izateko?». Eskola publikoek pribatuek baino ikasle etorkin gehiago hartzen dituztela eta, «betiko arazoak errepikatzen» direla dio Garciak: «Pribatuek euren sistemak dituzte hainbat pertsona ez hartzeko, eta aldez aurretik toki guztiak beteta dauzkate».


http://paperekoa.berria.info/azkena/2008-02-05/017/008/lege_info.htm

No hay comentarios:

Publicar un comentario